sábado, 9 de octubre de 2010

Passion For Knowledge


SuperEtxenikeren agindupean dagoen Dipc-ren 10. urteurrena ospatzeko, ikerkuntza zentru honek beste hainbat gauzen artean interes dibulgatzailezko hitzaldi sorta batzuk antolatu zituen 5 egunetan zehar. Hizlariak mundu osoko hainbat zientzialari ziren, hoietariko 10 nobel sariaren jabe, Premio Principe De Asturias-ak, Sir-ak, MIT-eko jendea, Max Planck institutokoak, CERN-en lan egindakoak.... Elitea. Baina beste elite mota bat ere izandu zen, Bernardo Atxaga adibidez, euskal literaturaren adierazagarririk onena.

Bost egunetatik lautara agertzeko hasierako asmoa banuen ere, azkenean ingeles teknikoaren maila altuak, kimikari diodan mirespenak, Bilbotik Donostiara joan eta etorri ibili beharrak eta tematika guztiaren ene jakinduria mugatuak 2 egunetara besterik ez aurkeztea bultza ninduten.

Astearteko lehenengo hizlaria Max Planck institutoko Juan Ignacio Cirac fisikari teoriko espainiarra izan zen. Hitzaldia gazteleraz izateak asko erreztu zuen gauza eta tematika ere oso interesgarria izan zen, fisika kuantikoaren fenomeno bereziak hain zuzen, elkar lotura kuantikoa kasu. Nahiz eta kimikari buruzko hitzaldietan ezer gutxi ulertu, Jean-Marie Lehn kimikariak kimika supramolekularrari buruz jorratu zuen hitzaldia entretenigarria izan zen lehenengo minututik aurrera, bere humoreari esker. Hitzaldiaren mamia modu general batean ulertu nuen (hau ez da momentua horri buruz hitzegiteko) eta pozik atera nintzen bigarren hitzalditik. Pena denak ez izatea halakoak. Hurrengo hizlariaren azentu germaniardun ingelesak ulergaitza eta aspergarria egiten zuen egonaldia eta itzultzaileen lanak ere ez zuen batere hobetu hirugarren ordua. Hasi eta 10 minutura ordua pasatzerakoan alde egitea erabaki nuen .

Hurrengo eguneko lehenengo txanda kimikari batena zen. Ez nuen piperrik ulertu, 80 urteko Kaliforniar agure bati kimikari buruz zerbait ulertzea afera erraza ez den moduan. Hurrengo zientzialaria Max Planck institutuko Theodor Hänsch zen, optikan espezializatutako fisikaria. Hau ere ez zen ulerterraza izan, bere urduritasuna bistakoa zen eta halako kasuetan badakizu gauzak ez direla argi azalduko. Gainera, hau ere alemana izateak ez zuen batere lagundu ulergarritasunean. Hirugarren ordua ederra izan zen ordea, merezi izan zuen 2 ordu aspergarri jasateak. Frank Wilczek hizlaria CERN-eko Large Hadron Collider-ari buruz mintzatu zen era interesgarri, misteriotsu eta argian. Humorea ez zen falta izan eta dudarik gabe txalo beroenak oparitu genizkion. Egun hartako azken ordua askok Bernardo Atxaga goitizenaz ezagutzen duten Jose Irazurena zen. Bere lagun bati eskeinitako poema bat irakurri zigun. Gaur egungo bere prosa astuna iruditzen bazait ere plazer bat izan zen bera aurrean izatea.

Aipatzekoa lehenengo bi egunetan joan ginenori kamiseta bat oparitu zigutela.

Dudarik gabe, Passion For Knowledge.


No hay comentarios:

Publicar un comentario