miércoles, 30 de marzo de 2011

Errealitatearen mugak

El ojo que todo lo ve, no existe
  

Zita batekin hasiko naiz, soberan ezaguna.
"¿Qué es real? ¿Cómo defines lo real? Si estás hablando de lo que puedes sentir, lo que puedes oler, lo que puedes saborear y ver, entonces lo real son simplemente señales eléctricas interpretadas por tu cerebro."
- The Matrix -

Zientzia eta teknologia beti aurreregi doaz, gizartearen errealitatearen kontzeptua eraldatzen, garai berriak sortzen eta pentsakera garai berri hauetara moldatzen, edo egokitu nahian. Aurrerapausu horrek ekarri izan du gizartearen zati kontserbatzaileenen kexa, desadostasuna eta zoritxarrez urte luzetako pertsekuzioak, heriotzak eta beste hamaika erokeri.

Duela mende bat errealitatea azaltzeko teoria fisiko berri bat lantzen hasi zen, gaur egun denok Fisika kuantikoaren teoria izenarekin ezagutzen duguna. Zaila, konplikatua eta abstrakzio maila handi bat eskatzen duen teoria. Bai, paradoxa bat dirudi errealitatea azaldu nahi duen teoria batek abstrakzio maila altu bat eskatzea, baina teoria berri honek azaltzen dituen eta aurresaten dituen fenomeno asko gure errealitate arruntetik at daude. Ez gara gai fenomeno hauek begi bistaz ikusteko gure pertzepzioen limitera ailegatu baikarelako. Arraroa? Bai, Sinestezina? Baliteke, Ezinezkoa? Ez.

Gure inguruko errealitatea antzematerakoan gehien erabiltzen dugun zentzumena ikusmena da, edo hala uste dut nik. Ia edozein tamainako objektuak ikusi ditzakegu, Eguzkitik hasita intsektu nimiñoenetaraino, eta txikiagoak diren beste hainbat gauza mikrospioez baliatuz. Uste da, intuitiboa baita, mikroskopio hobeagoekin gauza askozaz txikiagoak ikus ditzakegula, geroz eta txikiagoak. Ba, ez da horrela. Gure belarriak frekuentzia tarte bateko soinuak antzematen dituen antzera, gure begiak frekuentzia tarte batean aurkitzen diren argi izpiak antzematen ditu bakarrik, gorritik morera. Frekuentzia tarte horretatik kanpo dagoen izpiak ez ditugu ikusten.

Kuantikaren arabera, ikusi nahi dugun objektuaren tamainua txikitzen den heinean frekuentzia handiagoa duen argi izpi bat behar da objektu hori ikusteko. Esan bezala, gure begiak ikusi ditzakeen argi izpien frekuentzia, kolorea, gorritik morera mugatuta dago. Honek esan nahi du objektu bat ikusteko argi morea baino frekuentzia handiago bat duen argi izpi bat behar bada, gu ez garela gai izango objektu hori ikusteko. Gainera, kuantikak mila fenomeno berezi aurresaten ditu, baina fenomeno horiek eskala oso txikietan gertatzen dira, guk ikus ahal ez ditzakegun tamaina horietan.

Beraz maila batetik aurrera ez gara gai gertatzen dena ikusteko, errealitatea ikusteko. Guk antzematen dugun errealitateak mugak ditu,eta ezin dugu mugetatik urrunago dagoen errealitatea ikusi, entzun, sentitu... Baina bai imaginatu.